XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Berriro karlistek Donostian babestera behartu zituzten liberalak. Maiatzaren 9an indar berriz horniturik itzuli ziren, bai, eta erasoaren garaipena etorri zen, Oriamendiren ondotik, Hernaniren erorketa gertatu zen, ordurako jada bertan behera utzita zena, eta Santa Barbarako gotorlekua.

Azken jazoera Bergaran burutu zen 1839ko abuztuaren 31an, non Espartero eta Maroto jeneralek, besarkada batez, bakealdi ahul bat zigilatu zuten.

Gipuzkoan oporrak pasatzen ari zen Isabel II. erreginak Frantziara jo behar izan zuen iheska 1868an Prim eta Topete militar aurrerakoien pronuntziamendua zela kausa. Karlistek boterearen hutsuneaz baliatu ez zitezen ehun bolondresek osaturiko batailioi bat osatu zuten 1869ko abuztuaren 18an eta plazan barna desfilea egin.

Behar bezala hierarkizatu eta horniturik, kainoi bat ipini zuten elizako dorrean lau gizonen zaintzapean, eta erregularki errondak egin ohi zituzten herri guztian zehar herriko etxea koartel gisa muntatu ondoan.

Hara, 1870ean Oiartzunen gertatu zen altxamenduaren lehen agerraldia, baina luzagabe ezarri zen halakoxe baretasun hertsi bat bi urte iraungo zuena. Karlos VII.aren deklarapenek ohiko monarkiaren eta Foruen aldeko arnasa bezpizturik, altxamendu berri bati ekin zioten karlistek 1872an.

Santa Kruz Apaiz famatua bera, gerra honetako protagonistetariko bat, Urnieta aldean agertu omen zen urtearen azkenetan, eta 1873ko apirilaren 13an elkar jo zuten haren gizonak eta liberal gudarosteek, Ergobiako zubian hain zuzen, bere ihesa eraginez.

Beste estualdi batean, apaiz trabukoak herrian sartzea eta treneko estazioa erretzea lortu zuen. Harrezkero, ugaldu egin ziren borroka eta topaketa armatuak, eta artilleria karlistaren zirikadak geroz itogarriagoak bilakatzen dira gure hirigunea barrikadak eta defentsabideak bilatzera behartuz.

Hartan, 1874ko maiatzaren 30ean izan zuen hasiera setioak Santiomendi, Montebideo, Oriamendi, Zitxar eta Olomendi abiapuntu izanik. Kontraerasoa, aldiz, liberalek herritik eta Santa Barbarako gotorlekua berekin zutelarik.

Gatazka amaitu ondoan herriak gortera bidalitako txosten batean zera esaten da, setioak iraun zuen artean 1.368 jaurtigai iraitzi zituztela eta karlistek 2.165 granada, etxerik gehienetan kalteak eginez. Abuztuaren 2an Portu auzotik bizilagunak atera behar izan ziren eta 12an berreskuratu zuten liberalek Ihartza Gaina.